2011/02/22

Arte-Hezkuntzaz

     Hurrengo lerroetan gure eskoletan Arte-Hezkuntzak duen trataerari buruzko hausnarketa egin nahi nuke. Denok dakigu Arte-Hezkuntza, Plastika edo Adierazpen Artistikoa deitutako ikasgaia bigarren mailakotzat hartu izan dugula beti, aisialdiarekin erlazionatu edo gozamen hutsezkoa dela pentsatu.

     Zergatik du gizarte honen gehiengoak Arte-Hezkuntzari buruzko ideia hau? Horretarako bi arrazoi nagusi azpimarratu nahi nituzke:
 
1- Tradizioz artearen kontzeptua oso mugatua izatea,
2- Ezagutzaren teorien garapenari buruzko hausnarketaren gabezia nabarmena

     Sakon dezadan ideia bi hauetan:

     Lehenengoa: Artea gauza ederrekin eta originalekin erlazionatu izan dugu beti. Gaur egun, artea edertasunarekin eta originaltasunarekin soilik erlazionatzea arteari buruzko ikuspegi mugatuan mugitzea litzateke. Artea ezin dugu edertasunaren parametroetan soilik definitu.

     Kontuan hartu behar genuke “artistizidadea” ez dagoela objektuaren baitan eta beraz objektuak per se ez direla artistikoak. Adibidez, Warholek tomate latak arte bilakatu zituen. Nork esango luke etxean ditugun tomate latak artea direnik? Hau ikusita, esan dezakegu edozein objektu estetikoki erabil dezakegula, baina kontuz, honek ez baitu esan nahi esanahia duen edozein objektu edo irudi artea denik. Zerbait artea izan dadin kulturalki hala onartua eta “erakunde” espezifiko batzuez hornitua beharko du izan. Horregatik, artea ez da enpresa autonomoa, artetzat hartzen ditugun objektuak ez dira artea per se. Artearen definizioa baldintzaturik dago leku, garai eta produktu estetikoen eta erakunde kulturalen arteko erlazioen arabera. Gaur egun, oso zaila da artea zer den esatea. Hala ere, teorikoek adostasuna lortu dute artea gizakiaren jarduera konszientea dela esanez.

     Aurreko paragrafoan esan dudanari jarraiki, orain artean artea dela pentsatu dugunaz gain, orain kontzeptu hori beste zerbait gehiago ere badela ikusten dugu. Horregatik esaten da artea kontzeptu bizia dela, aldakorra.

     Orduan, zer da artea gaur egun eta hemen? Gaur egun artetzat izendatzen duguna pertsonek orain artean arte dela konsideratu dutenaren araberako esperientzia estetikoen esparru estua baino ez da. Izan ere, badaude bestelako produktu, objektu eta egoera gehiago guregan esperientzia estetikoak sorrarazten dizkigutenak. Honek beharrizan batzuk dakartza: batetik, Curriculuma birrantolatzeko beharra eta bestetik, Arte-Hezkuntzaren esparruaren birrantolaketa: ikus eta plastika hezkuntza, ikus ikasketa, ikus kultura,… Azken finean, malgutasun gehiago estetikaren jarduera berriak sartzeko.

     Modernitatearen ostean postmodernitatearen aroan gaudela esaten da. Irudiaren gizartean, hedabideen eragina itzelezkoa den garai honetan gure estetika iturriak askotarikoak dira. Osagai estetikoak dituzten artefaktoak pinturak eta eskulturak baino askoz gehiago dira. Izan ere, artisten ikerkuntzak eta aurkikuntzak bizitzaren beste esparruetan islatu dira: diseinu industrialean, jantzietan, CDen azaletan, publizitatean, zineman, marrazki bizidunetan, ordenagailu-jokoetan,… XXI. mendean ikus kultura oso garrantzitsua da eta mende honetako gizartea hezten laguntzeko behar bezalako heziketa estetikoa egin behar dugu, esperientzia estetikoak sortarazten dizkiguten artefaktu horiek jarrera, sinesmen eta balioen eratzaile eta giza identitatearen berreraikipenaren bitarteko direlako.

     Beraz, guzti honen aurrean, esan behar dut egunero gure begi bistara ditugun milaka irudien aurrean beraien aspektu formalean baino esanahian sakondu beharko genukeela. Eguneroko irudi hauek ez dira artelanak soilik, bestelako produkzio kulturalak ere kontuan izan behar genituzke, izan ere, horiek ere esperientzia estetikoaren iturri dira guretzat, eta lehen esan dudan moduan, jarrera, sinesmen eta balioen eratzaile eta giza identitatearen berreraikipenaren bitarteko ere badira. Gainera, ikasleen esperientzietatik oso hurbilekoak dira komunikabideek igortzen dizkiguten irudiak baitira gehienak.

     Hortaz, Arte-Hezkuntza, Plastika edo Adierazpen Artistikoa deitutako ikasgaia sentsibilitate kultural baten ikerketara bideratuko genuke, garai konkretu batzuetan izan diren pentsamendu mota batzuen azterketara eta hauek konprenitzera, pentsamendu horiek artelan edo bestelako izendapenekin ezagututako artefaktuetan hartu baitute forma. Guztiek kultura bisuala delakoa osatzen dute.

     Bigarrena: Bigarren arrazoia ezagutzaren teorien arloan aurkituko dugu. Izan ere, orain dela gutxira arte artea gizakiaren emozioekin, sormenarekin eta intuizioarekin lotu izan da, alde kognitiboarekin harreman gutxi duela pentsatuz. Baina azken urteetan zenbait ikerlarik gizakiaren emozioak, sormena eta intuizioa kognizioaren parte direla esan dute, hau da, gizakiaren ikasketa prozesuak aurrera egiteko beharrezko baliabide direla hain zuzen ere.

     Gure mendebaldeko kulturan adimenaren eta gorputzaren arteko, zientziaren eta artearen arteko, kognitiboaren eta afektiboaren arteko banaketa egin izan dugu. Dikotomia hauek sortzeak eragin zuzena izan du eskolan, batez ere ikasgaiei garrantzia ematerako orduan. Honela, artea bigarren mailako ikasgaitzat hartu izan da, inoiz ez ulermen eta ezagupen gisa. Baina aurreko paragrafoan esan dudan moduan, ikerlariek erakutsi digute artea pertzepzio, ezagupen eta ulermen iturria dela.

     Autore ezberdinek ikertu izan dute guzti hau historian zehar. Hurrengo lerroetan ikerketa horien garapen laburra azaltzen saiatuko naiz:

     Lowengeld izan zen gizakion gaitasun grafikoak eta estetikoak izaten duen garapena ikertu zuen lehenengotarikoa. Autore honen arabera gizakiok berezkoa dugun garapen naturalaren arabera garatzen dugu gaitasun hori. Estadioen bitartezko teoria planteatu zuen: 0 eta 4 urte bitarteko umeek zirriborroak egiten dituzte, 4 eta 7 urte bitartekoak aurreskema deitzen den estadioan sartuko genituzke, 7tik 9ra estadio eskematikoan leudeke, 9 eta 10 urterekin errealismoan eta 10 eta 12rekin naturalismoan. Urte askoan hartu da teoria hau Arte-Hezkuntzaren oinarritzat, eta beraz, adibide bat jartzearren, 9 urte zituzten ahurrei ez zieten arte abstraktuarekin inolako harremanik izaten uzten, 9 urtekoak estadio eskematikoan zeudela suposatzen zelako. Muga galanta suposatzen zuen gaitasun estetikoari buruzko teoria horrek.

     Baina honen kontrakoak ziren teoriak azaldu zituzten ikerlariak agertu ziren geroago eta Arte-Hezkuntzaren gaineko ikuspegian zenbait aldaketa gertatu ziren. Ikerlari hauen galdera zen ea gaitasun estetikoaren garapena gizakiaren garapen naturalean oinarritzen zen ala inguruak eta gizarteak baldintzatzen zuen. Honela Vygotskyk adierazi zuen gizakiaren gaitasunen garapena testuinguruak baldintzatutakoa zela eta Eisnerrek azaldu zuen gaitasun estetikoa prozesua den heinean irakatsi eta ikasi egin daitekeela. Beraz, lehengo adibidearekin jarraituz, planteatu dezakegun galdera hau da: zergatik ezin dute 9 urteko ahurrek arte abstraktuarekin harremanik izan? Teoria berrien arabera ahurrek hasiera hasieratik izan behar lukete Artearen historian egon diren korronte artistiko ezberdinekin harremana, korronte horiekin eta baita inguruan dauden eta esperientzia estetikoa eragiten diguten beste artefaktoekin ere.

     Honez gain, Howard Gardnerrek ere bere ekarpena egin zuen Inteligentzia Anitzen teoria kaleratu zuenean. Teoria honen arabera, pertsonak osotasunean hezi nahi baditugu inteligentzia mota guztiak hartu behar ditugu kontuan, autorearen ustez gizakiek ez baitute inteligentzia mota bakarra. Ideia hauen ikuspuntutik kritika zehatza egin zaio hezkuntza sistemari esanez eskolek hizkuntza gaitasuna/ezagupena eta gaitasun/ezagupen logiko-matematikoa baino ez dituztela lantzen.

     Ikuspuntu batetik besterako aldaketa nabaria dela konturatuko zen irakurlea honez gero, mugaz beteriko Arte-Hezkuntza batetik guztiz malgua den Arte-Hezkuntza batera pasatzeko aukera ematen baitigute teoria berriek.

No hay comentarios:

Publicar un comentario