2011/03/06

Gora Euskal Herria feminista!

Martxoaren 8a dugun honetan, ezkertiarrek politika femeninoak aldarrikatu behar dituzte halabeharrez eskumak aldarrikatu dituen politika maskulinoen aurrean. Kontuan izan behar dugu eskumaren mundu ikuspegiak egitura bertikalak, obedientzia, agintea, botere korrelazioa, araua, gauzak dauden moduan mantentzea,… defendatu dituela beti. Honek ez du esan nahi gizonezko guztiek politika maskulinoa egiten dutenik eta emakume guztiek politika femeninoa. Badago egon politika femeninoa egiten duen gizonik eta politika maskulinoa egiten duen emakumerik.
            Momentu honetan mundua arautzen duten legeen apurketa zeinen beharrezkoa den ikusteko unibertsitatean izan nuen Literatura Garaikideko irakaslearen gustukoa den Lacan psikoanalista frantsesak esan zuen esaldi bat ekarri nahi dut gogora: “literatura femeninoa egiteko, idazlea emakume bihurtu behar da, bestela ez da literaturgile ona izango”. Lacanek esan nahi zuen literaturgile hori arauaren mugetatik at mugitu behar dela, eremu ezagunetik kanpo joan behar duela, esan ezin daitekeen horretara joan behar duela nobela ona idatzi nahi badu.
            Berriz politikara bueltatuz, Lacanek dioen arau apurtze hori aplikatu behar dute ezkertiarrek politikan, bestela nola egin ezkerreko politika formak eskumakoak baldin badira? Hau da, nola egin ezkerreko politika egitura hierarkizatuekin, bertikalekin, edo berdinen arteko elkarrizketa dialektiko gabe? Pertsona batek bere burua ezkertiartzat har dezake, baina eskumaren formekin politika egiten ari den bitartean bere usteak erdia ustel izango dira, gezurretan arituko da, simulakroa egiten arituko da, ez da arituko zintzoa izaten. Beharrezkoa da edukiak eta edukiontziak bat egin dezaten.
            Honek burura dakarkit Franco diktadoreak konfiantzazkoa aukeratu zuela bere ondorengo gisa Espainiako Estatu Buru izateko. Ezkerreko ikuspegi batetik konfiantzazko ondorengotza hori ez litzateke posible izango. Kasu hartan edukia eta edukiontzia edo forma bat zetozen. Oraindik orain, ia 40 urte pasatu diren honetan, horretan gaude. Espainiako estatu egitura maskulinoak ez du politika femeninoarentzat lekurik eta beraz, ezkerrarentzat ere ez.
            Euskal Herrian politika horizontalagoak egin izan dira, Espainian baino femeninoagoak nolabait esatearren. Politika horizontala egin duten mugimenduak oso aberatsak izan dira gurean. Hemen ezagutu ditugun Lurraldea, Itoitz, Lemoiz, AHT, Bilgune Feminista, Bizkaiko Emakumeen Asanbrada, mendi taldeak, dantza taldeak, hizkuntzaren normalizazioarako mugimenduak, Korrika, Ikastolen mugimendua, Bilboko Aste Nagusiko jai eredua eta Konpartsen Federazioa… ez dira ezagutu Europa osoan. Aberastasun ukaezina euskaldunona!
            Herri mugimenduen indarrak “ez delegatzea” bezalako fenomenoak dakartza berarekin. “Ez delegatze” hori politika femeninoek dakarten ondorioa da. Euskal Herrian gure ordezkariak 4 urteko epealdirako aukeratzen ditugunean ez diegu txeke zuria ematen nahi dutena egiteko. Ordezkariek gure ordez hartzen dituzte erabakiak baina herritarrok ez dugu ahazten erabakitzeko eskubidea gurea denik eta horregatik ordezkari horiei eskatzen diegu erabakiak hartu behar dituzten bakoitzean galde diezagutela zein den gure iritzia. Horizontaltasuna da hau, herri mugimenduen bitartez egikaritzen dugun horizontaltasuna, Espainiako egitura bertikalarekin kontrastean agertzen dena, Espainiako patriarkatu eta eskumarekin kontrastatzen duena.
            Beste alde batetik, kontuan hartu behar dugu politika egiteko eredu maskulinoa nagusi denean, aukera handiagoa izango dugula gatazka eta gerra sortarazteko, ez dagoelako berdinen arteko elkarrizketarik, ez dagoelako errespeturik. Politika maskulinoak beharrezkoak ditu irabazlea eta galtzailea, beharrezko ditu agintzea eta sumisioa. Politika maskulinoen bitartez lortuko dugun bakea behin-behineko bakea izango da, bake koiunturala. Adibide argiak ditugu Europan eta munduan: orain gerra alderdietako batek irabazi, beste aldea zapaldu eta menperatu, galtzaile izan den aldeak energia nahiko lortu duenean gerra planteatuko du nagusi izatera iritsi arte (Serbia eta Kosovo, Alemania bi Mundu Gerretan,…). Berdintasuna, paritarioa izatea eta errespetua lortu arte ez da bakerik egongo, gerren arteko aldia egongo da, gatazka batetik besterako denbora tartea, baina bakerik ez.
Margotu dezagun estatu beltz hau more kolorez! Gora euskal herria feminista, ezkertiarra, abertzalea, euskalduna eta burujabea. Matxismo suntsitzailea, heterozentrismo baztertzailea eta patriarkatu arkaiko, frankista, totalitarioa hormara!

2011/02/22

Arte-Hezkuntzaz

     Hurrengo lerroetan gure eskoletan Arte-Hezkuntzak duen trataerari buruzko hausnarketa egin nahi nuke. Denok dakigu Arte-Hezkuntza, Plastika edo Adierazpen Artistikoa deitutako ikasgaia bigarren mailakotzat hartu izan dugula beti, aisialdiarekin erlazionatu edo gozamen hutsezkoa dela pentsatu.

     Zergatik du gizarte honen gehiengoak Arte-Hezkuntzari buruzko ideia hau? Horretarako bi arrazoi nagusi azpimarratu nahi nituzke:
 
1- Tradizioz artearen kontzeptua oso mugatua izatea,
2- Ezagutzaren teorien garapenari buruzko hausnarketaren gabezia nabarmena

     Sakon dezadan ideia bi hauetan:

     Lehenengoa: Artea gauza ederrekin eta originalekin erlazionatu izan dugu beti. Gaur egun, artea edertasunarekin eta originaltasunarekin soilik erlazionatzea arteari buruzko ikuspegi mugatuan mugitzea litzateke. Artea ezin dugu edertasunaren parametroetan soilik definitu.

     Kontuan hartu behar genuke “artistizidadea” ez dagoela objektuaren baitan eta beraz objektuak per se ez direla artistikoak. Adibidez, Warholek tomate latak arte bilakatu zituen. Nork esango luke etxean ditugun tomate latak artea direnik? Hau ikusita, esan dezakegu edozein objektu estetikoki erabil dezakegula, baina kontuz, honek ez baitu esan nahi esanahia duen edozein objektu edo irudi artea denik. Zerbait artea izan dadin kulturalki hala onartua eta “erakunde” espezifiko batzuez hornitua beharko du izan. Horregatik, artea ez da enpresa autonomoa, artetzat hartzen ditugun objektuak ez dira artea per se. Artearen definizioa baldintzaturik dago leku, garai eta produktu estetikoen eta erakunde kulturalen arteko erlazioen arabera. Gaur egun, oso zaila da artea zer den esatea. Hala ere, teorikoek adostasuna lortu dute artea gizakiaren jarduera konszientea dela esanez.

     Aurreko paragrafoan esan dudanari jarraiki, orain artean artea dela pentsatu dugunaz gain, orain kontzeptu hori beste zerbait gehiago ere badela ikusten dugu. Horregatik esaten da artea kontzeptu bizia dela, aldakorra.

     Orduan, zer da artea gaur egun eta hemen? Gaur egun artetzat izendatzen duguna pertsonek orain artean arte dela konsideratu dutenaren araberako esperientzia estetikoen esparru estua baino ez da. Izan ere, badaude bestelako produktu, objektu eta egoera gehiago guregan esperientzia estetikoak sorrarazten dizkigutenak. Honek beharrizan batzuk dakartza: batetik, Curriculuma birrantolatzeko beharra eta bestetik, Arte-Hezkuntzaren esparruaren birrantolaketa: ikus eta plastika hezkuntza, ikus ikasketa, ikus kultura,… Azken finean, malgutasun gehiago estetikaren jarduera berriak sartzeko.

     Modernitatearen ostean postmodernitatearen aroan gaudela esaten da. Irudiaren gizartean, hedabideen eragina itzelezkoa den garai honetan gure estetika iturriak askotarikoak dira. Osagai estetikoak dituzten artefaktoak pinturak eta eskulturak baino askoz gehiago dira. Izan ere, artisten ikerkuntzak eta aurkikuntzak bizitzaren beste esparruetan islatu dira: diseinu industrialean, jantzietan, CDen azaletan, publizitatean, zineman, marrazki bizidunetan, ordenagailu-jokoetan,… XXI. mendean ikus kultura oso garrantzitsua da eta mende honetako gizartea hezten laguntzeko behar bezalako heziketa estetikoa egin behar dugu, esperientzia estetikoak sortarazten dizkiguten artefaktu horiek jarrera, sinesmen eta balioen eratzaile eta giza identitatearen berreraikipenaren bitarteko direlako.

     Beraz, guzti honen aurrean, esan behar dut egunero gure begi bistara ditugun milaka irudien aurrean beraien aspektu formalean baino esanahian sakondu beharko genukeela. Eguneroko irudi hauek ez dira artelanak soilik, bestelako produkzio kulturalak ere kontuan izan behar genituzke, izan ere, horiek ere esperientzia estetikoaren iturri dira guretzat, eta lehen esan dudan moduan, jarrera, sinesmen eta balioen eratzaile eta giza identitatearen berreraikipenaren bitarteko ere badira. Gainera, ikasleen esperientzietatik oso hurbilekoak dira komunikabideek igortzen dizkiguten irudiak baitira gehienak.

     Hortaz, Arte-Hezkuntza, Plastika edo Adierazpen Artistikoa deitutako ikasgaia sentsibilitate kultural baten ikerketara bideratuko genuke, garai konkretu batzuetan izan diren pentsamendu mota batzuen azterketara eta hauek konprenitzera, pentsamendu horiek artelan edo bestelako izendapenekin ezagututako artefaktuetan hartu baitute forma. Guztiek kultura bisuala delakoa osatzen dute.

     Bigarrena: Bigarren arrazoia ezagutzaren teorien arloan aurkituko dugu. Izan ere, orain dela gutxira arte artea gizakiaren emozioekin, sormenarekin eta intuizioarekin lotu izan da, alde kognitiboarekin harreman gutxi duela pentsatuz. Baina azken urteetan zenbait ikerlarik gizakiaren emozioak, sormena eta intuizioa kognizioaren parte direla esan dute, hau da, gizakiaren ikasketa prozesuak aurrera egiteko beharrezko baliabide direla hain zuzen ere.

     Gure mendebaldeko kulturan adimenaren eta gorputzaren arteko, zientziaren eta artearen arteko, kognitiboaren eta afektiboaren arteko banaketa egin izan dugu. Dikotomia hauek sortzeak eragin zuzena izan du eskolan, batez ere ikasgaiei garrantzia ematerako orduan. Honela, artea bigarren mailako ikasgaitzat hartu izan da, inoiz ez ulermen eta ezagupen gisa. Baina aurreko paragrafoan esan dudan moduan, ikerlariek erakutsi digute artea pertzepzio, ezagupen eta ulermen iturria dela.

     Autore ezberdinek ikertu izan dute guzti hau historian zehar. Hurrengo lerroetan ikerketa horien garapen laburra azaltzen saiatuko naiz:

     Lowengeld izan zen gizakion gaitasun grafikoak eta estetikoak izaten duen garapena ikertu zuen lehenengotarikoa. Autore honen arabera gizakiok berezkoa dugun garapen naturalaren arabera garatzen dugu gaitasun hori. Estadioen bitartezko teoria planteatu zuen: 0 eta 4 urte bitarteko umeek zirriborroak egiten dituzte, 4 eta 7 urte bitartekoak aurreskema deitzen den estadioan sartuko genituzke, 7tik 9ra estadio eskematikoan leudeke, 9 eta 10 urterekin errealismoan eta 10 eta 12rekin naturalismoan. Urte askoan hartu da teoria hau Arte-Hezkuntzaren oinarritzat, eta beraz, adibide bat jartzearren, 9 urte zituzten ahurrei ez zieten arte abstraktuarekin inolako harremanik izaten uzten, 9 urtekoak estadio eskematikoan zeudela suposatzen zelako. Muga galanta suposatzen zuen gaitasun estetikoari buruzko teoria horrek.

     Baina honen kontrakoak ziren teoriak azaldu zituzten ikerlariak agertu ziren geroago eta Arte-Hezkuntzaren gaineko ikuspegian zenbait aldaketa gertatu ziren. Ikerlari hauen galdera zen ea gaitasun estetikoaren garapena gizakiaren garapen naturalean oinarritzen zen ala inguruak eta gizarteak baldintzatzen zuen. Honela Vygotskyk adierazi zuen gizakiaren gaitasunen garapena testuinguruak baldintzatutakoa zela eta Eisnerrek azaldu zuen gaitasun estetikoa prozesua den heinean irakatsi eta ikasi egin daitekeela. Beraz, lehengo adibidearekin jarraituz, planteatu dezakegun galdera hau da: zergatik ezin dute 9 urteko ahurrek arte abstraktuarekin harremanik izan? Teoria berrien arabera ahurrek hasiera hasieratik izan behar lukete Artearen historian egon diren korronte artistiko ezberdinekin harremana, korronte horiekin eta baita inguruan dauden eta esperientzia estetikoa eragiten diguten beste artefaktoekin ere.

     Honez gain, Howard Gardnerrek ere bere ekarpena egin zuen Inteligentzia Anitzen teoria kaleratu zuenean. Teoria honen arabera, pertsonak osotasunean hezi nahi baditugu inteligentzia mota guztiak hartu behar ditugu kontuan, autorearen ustez gizakiek ez baitute inteligentzia mota bakarra. Ideia hauen ikuspuntutik kritika zehatza egin zaio hezkuntza sistemari esanez eskolek hizkuntza gaitasuna/ezagupena eta gaitasun/ezagupen logiko-matematikoa baino ez dituztela lantzen.

     Ikuspuntu batetik besterako aldaketa nabaria dela konturatuko zen irakurlea honez gero, mugaz beteriko Arte-Hezkuntza batetik guztiz malgua den Arte-Hezkuntza batera pasatzeko aukera ematen baitigute teoria berriek.

2011/01/12

Erruduna naiz!


Seguruenik nire lehenengo delitua hiru urte nituela egin nuen, hain zuzen ere, ikastolan matrikulatu nintzenean. Adin horrekin ez nintzen konturatzen egiten ari nintzen gaiztakeriaz eta ziurrenik erabaki hori hartu zuten nire gurasoak ere ez, baina gerora Espainiako sektorerik ultra-nazionalistenek argi utzi dute ikastolen funtzioa zein den Afganistaneko Talibanen entrenamendu kanpamenduekin konparatzerakoan. Garrantzi berezia izan zuten sasoi hartan Ana Dani, Irene, Manu edo Iñigo moduko irakasleek. Batak gaztetatik euskal kantuen munduan murgildu ninduen (lanroberra, pop o pop o pop o pop o,… uztaia gora gora lurretik zerura…). Bigarrenak matematikak erakusteko abilezia berezia zeukan: 14 urte (“pertenenciagaitik”) + 8 urte (“genocidiogaitik”) = 22 urteko eskaria fiskaltzak. Hirugarrenak txirula erakutsi zidan, horrek daukan arrisku guztiarekin eta laugarrenak, bere Gizarteko klaseetan, Euskal Herriko Historia. Guzti horri, euskaraz bizitzen eta euskal kulturari dagokion garrantzia ematen ikasi nuela gehitu bihar zaio.
            Nire “autoinculpación” hau ez da hemen amaitzen. Aitortzen dut beste milaka eta milaka errudunekin batera behin baino gehiagotan parte hartu dudala Herri Urrats, Kilometroak, Nafarroa oinez, Araba Euskaraz edo Ibilaldia moduko jaialdietan. Onartzen dut baita ere gazte gaztetatik, gerora Espainiako hainbat hiritan zentsuratuak izan diren euskal musika taldeak entzun ditudala (Negu Gorriak, Kortatu, S.A., Su ta Gar, Etsaiak,…) eta gaztetxe baten baino gehiagotan egon naizela talde honetakoren bat edo bat entzuten.
            “Con alevosía y nocturnidad” ere egin izan ditugu guk egitekoak. Goizaldeko 3:00etan esnatu, txandala ipini eta behin baino gehiagotan egin ditugu arin-aringa luzeak AEKk bi urtean behin antolatzen duen Korrika pasatzen zela eta. Baina hori eta gehiago balioko ote du gure euskarak! Guzti horri gehituz gero Egin irakurtzen nuela, gazteleraz berbetan oso ondo ez dakidala, presoen aldeko manifestazio batzuetan egon izan naizela, izena eta ia abizen guztiak euskaldunak ditudala eta euskal herritarra naizela, argi geratzen da: Erruduna naiz.
            Hau jasoko duzuen asko be errudunak izango zarete Gartzonen tesien arabera. Hori momentu honetan kartzela urte askorekin ordaintzen da. Baina Euskal Herrian badakigu “dena ETA da” tesia faltsua dela eta badakigu gazteon kontra eta baita hainbat komunikabide eta erakunde sozio-politikoren kontra ere burutu nahi dituzten epaiketak farsa bat direla. Ez ahaztu inoiz nortzuk garen, nondik gatozen eta nortzuk epaitu nahi gaituzten.
            Bada ordua beraz, guzti honi denon artean gogor erantzuteko. Herritar guztion eskubide zibil eta politikoak daude jokoan eta erasoaren tamainarekin konturatu behar gara. Zenbat eta determinazio handiagoarekin defendatzen ditugun euskaldunon eskubideak, arinago helduko gara denon eskubide indibidual eta kolektiboak onartuak izango diren eszenario batera. Gaur guri tokatu zaigu Estatu espainolaren erasoa sufritzea, baina aurrerantzean batek daki nori!

2010/12/02

Psikologiaren egitekoari buruzko zenbait duda


Mamu bat dabil gizartean, pertsonok ditugun arazo ia guztiak Psikologiaren bidetik konpontzeko ahalegina egiten duen mamua, arazoak “piskologizatzeko” ahalegina alegia. Baina arazoak konpontzeko Psikologiaren altzora doazenen artean askok ez du hauei aurre egiteko konponbiderik aurkitzen. Zer gertatzen da Psikologiak eskaintzen dizkigun konponbideen arrakastarekin?
Ez dut uste testu honen bidez galdera konplexu horren erantzuna helaraziko diodanik irakurleari, baina zenbait azalpenen bitartez Psikologiaren egitekoari buruzko hainbat galdera luzatzea eta hauei buruz hausnartzeko gonbitea egitea litzateke nire helburua.
Planteatzen dudan arazo honen azalpena gizartean bertan aurki dezakegula iruditzen zait niri. Gizarteak berak arau zehatzak inposatzen dizkio gizarte horren partaide den orori. Arau hauek inplizituki onartzen ditu jendarteak eta bizi ere arau horien arabera bizi eta antolatzen dira elkarrekiko gizakiek dituzten harremanak. Arazoak sortzen dira gizarte arau horien araberako izaera edo bizitzeko modua ez duten pertsonekin. Pertsona hauek gizarte arauekiko “desbiatuak” direla esan dezakegu. Honen ondorio zuzena litzateke “desbiatuak” diren horiek gizarte bazterketa jasan dezaketela edo inposaketaren bidez barneratu ditugun arau horien arabera ez bizitzeak eragiten digun barne egonezina.
Gizarte arauei buruz hitz egiten dudanean, ez nabil inolaz ere hitz egiten Estatuaren erakundeetatik eratorritako arau juridikoei buruz, zuzenbideak aztertzen dituen arau juridiko horien aurretik baitoaz gizartea, gizarte horrek dituen ezaugarriak eta gizarte horretan inplizituki hartutako arauak. Beraz, aurretik gizartea joango da eta honen atzetik Zuzenbidea bere arau juridikoekin.
Esan dudan moduan gizarte arauen arabera ez bizitzeak edo gizarte arauen araberako izaerakoa ez izateak barne egonezina sortaraz diezaioke edozein pertsonari. Asko dira egonezin honen azalpena beraien barnean aurkitzeko ahalegina egiten dutenak eta  konponbidearen bila Psikologiara jotzen dutenak. Baina Psikologiak ez die irtenbiderik eskaintzen. Psikologiak gizarteko arau horietara egokitzeko bidea zabaltzen eta errazten die nahiz eta horretarako norberaren izateko era ukatu behar, hau da, norbera aldatu behar gizarteak inposatutako arauen araberako bizitza egiteko.
Baina badirudi pertsonek izan ditzaketen arazoak gizartetik bertatik datozenak direla, gizarte honek ez duelako pertsona guztiak barne hartzen dituen arau sistema eskaintzen. Arau horiek guztiz arbitrarioak eta interes zehatz batzuen araberakoak dira eta botere guneetatik indartsuak diren baliabideei esker inposatzen dira (komunikabideak, lan harremanen sistema,…), gero gizarteak berak berezko mekanismoak piztuko ditu arau horien inposaketatik inor at gera ez dadin. Honela gizarte eredu zehatza inposatuz.
Gizartearen atzetik joango da Zuzenbidea arau juridikoak ezarriz. Arau juridiko horiek ere gizarte eredua inposatzen duten interesen araberakoak izango dira. Esan dezakegu gizarte arauak eta arau juridikoak estu-estu harremanduta daudela. Gizarte arauak ez betetzeak pertsona “desbiatuak” sorrarazten baditu, arau juridikoak ez betetzeak “desbiatuez”, delituez eta gaizkileez hitz egitera eraman gaitzake.  
Beraz, honen aurrean zergatik ez dugu Soziologiara jotzen gizartea bera aztertu, gizartean dauden interes horiek identifikatzeko ahalegina eginez eta dominazio botere harremanak ulertzeko jarrera hartuz? Badakit norberak bakarrik gizarte eredua aldatzea ezinezkoa litzatekeela baina gizarte ereduari buruzko hausnarketa eginez barne egonezina eragiten diguten gizarte arau horiek dudatan jar ditzakegu eta hausnarketa kritikoaren eta duda kritikoaren bidetik gure buruaren ukazioa saihestu eta barne egonezina lasai dezakegu.
Honen aurrean Psikologiak partxeak jar diezazkieke gure arazoei baina nekez helduko da gizarte ereduei buruzko azterketa sakona egitera eta horren bidetik justuak ez diren ereduak aldatzeko proposamenak luzatzera.
Amaitzeko, esan behar dut arazoak psikologizatzeko ohitura bera ere gizarte eredua ezarri duten interesen araberakoa dela, pertsonek izan ditzaketen arazoen iturria pertsonan bertan aurkitu nahi duelako. Honela, inposatutako gizarte ereduak ez du beldurrik izan behar eredu hori dudatan jarriko duen izpiritu kritikoa deuseztuta geratzen baita. Baina pertsonen arazo iturriak gizarte ereduan aurkitzeko ahaleginean eredu hori eta eredu horren inposaketaren atzean dauden interesen gaineko hausnarketa kritikoa egiteko aukera izango dugu, injustiziaren salaketarekin batera. Hain garrantzitsua den hausnarketa hau litzateke botere guneetatik ekidin nahi dena, eta ekidin ere arazoen psikologizazioaren bidetik.   
 

2010/10/15

Euskal Herriarentzako Konstituzioa

Sabino Agirre eta Monzonek, Batzorde Konstituziogilearen Lehendakariak, berau ikusi eta ulertzen duten guztiei:
         Jakin ezazue Batzorde Konstituziogileak onetsi duela, eta Euskal Herriko herriak berretsi, honako Konstituzio hau.

HITZAURREA

            Euskal Herriko nazioak, Justizia, Askatasuna eta Segurtasuna ezarri, eta hura osatzen duten guztien ontasuna bultzatu nahi du, eta, bere subiranotasuna erabiliz, hurrengo borondatea aldarrikatzen du:

LEHENENGO ARTIKULUA: ESTATU SUBIRANOA

      1. Euskal Herriak Errepublika Demokratiko burujabea eratzen du. Euskal nazioaren subiranotasuna Euskal Herriko herrian datza eta hortik sortzen dira Estatuaren botereak.
      2. Konstituzioa eta berau garatzen duten gainerako arauak Euskal Herriko nazioaren batasunean oinarritzen dira, berau baita euskaldun guztien aberria.
       3. Euskal Herriaren subiranotasunaren ondorioak dira:
      a) Batetik, Euskal Herriak bere burua politikoki, ekonomikoki, gizarte arloan zein kulturalki antolatzeko duen ahalmena.
      b) Bestetik, Euskal Herriak, beti ezaugarri duen uste onaren arabera, nazioarteko erkidegoan bizikidetza baketsua, lagunkoia eta elkarlana oinarri duten harremanen multzoa antolatzeko duen ahalmena.

BIGARREN ARTIKULUA: LURRALDE ANTOLAKETA

      1. Lurraldeari dagokionez, Euskal Herria udalerri, eskualde eta Lurralde Historikoetan antolatzen da.
      a) Euskal herria osatzen duten Lurralde Historikoak hauek dira: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa.
      b) Eskualdeak dira antzeko ezaugarriak dituzten udalerrien multzoak eta udalerri hauen eta Lurralde historikoen arteko harremanak errazteko funtzioa dute.
      2. Erakunde horiek guztiak autonomia dute beren interesak kudeatzeko. Beraien arteko solidaritatea Euskal Estatuak bermatzen du, lurraldeko toki ezberdinen artean oreka ekonomiko egoki eta zuzena ezar dadin begiratuz.

HIRUGARREN ARTIKULUA: HIZKUNTZA NAZIONALA

      1. Euskara da Euskal Herriaren hizkuntza nazionala eta ofiziala. Euskal Herriko hiritar guztiek daukate berau jakiteko eta erabiltzeko eskubidea eta betebeharra. Artikulu hau garatzen duen lege batek ezarriko du zein den hiritar guztiek euskara ikasteko duten epea.
      Euskal Herriko euskalki eta azpieuskalkien aberastasuna kultur ondarea da eta ondare horrek begirune eta babes berezia du.
      2. Lurraldean lurraldeko legeek arautuko dute hizkuntza nazional ofizialaren eta erdal hizkuntzen arteko harremana. Azken hauei ofizialtasuna aitor dakieke lurraldearen zati batean baina inolaz ere ez lurraldearen osotasunean.
      3. Estatuaren erakundeetan zein hauen menpe daudenetan lan egin ahal izateko ezinbesteko baldintza euskaldun izatea da, euskaraz hitz egin eta lan egiteko gai izatea alegia.
      4. Euskara hutsean aritzen diren elkarte, erakunde, enpresa eta alderdiek laguntza publikoak eskuratuko dituzte.

LAUGARREN ARTIKULUA: BANDERA NAZIONALA

      1. Euskal Herriaren bandera nazionala Ikurriña da: Nafar Kateen banderaren hondo gorriaren gainean Ander Deunaren kurutze berdea eta honen gainean Kristoren kurutze zuria. Leku publiko eta ofizial guztietan aireztatuko da.
      2. Lurralde Historikoetako legeek bandera eta ikur berezkoak onar ditzakete. Horiek Ikurriñaren ondoan jarriko dira Lurralde Historikoetako eraikin publiko eta ekintza ofizialetan.
      3. Beste bandera batzuk (Arrano Beltzarena,...) ofizialki erabili ahal izango dira geroago horretarako prestatutako lege baten bidez.


BOSGARREN ARTIKULUA: EZKUTU NAZIONALA

Seirak Bat izeneko armarria da ezkutu ofiziala. Bera bakarrik edo Ikurriñaren gainean erabiliko da.

SEIGARREN ARTIKULUA: ERESERKI NAZIONALA

1.  Euskal Herriaren ereserki ofiziala Iparragirreren Gernikako Arbola da.
2. Beste batzuk (Eusko Gudariak, Agur jaunak, Eusko Abendaren Ereserkia,...) ekintza batzuetan ofizialtzat hartu eta abestuko dira.
ZAZPIGARREN ARTIKULUA: JAI NAZIONALA

Jai nazionala aste santuko bazko eguna da, Aberri Egunaren ospakizuna, hain zuzen ere.

ZORTZIGARREN ARTIKULUA: HIRIBURU NAZIONALA

      1. Euskal Herriaren hiriburu nazionala Iruña da. Bertan egongo dira Eusko Jaurlaritza Nazionalaren, Eusko Legebiltzar Nazionalaren eta Epai Boterearen erakunde gorenen egoitzak.
      2. Hala ere, beste hiriburuei dagokien hiriburutasuna ez zaie kenduko:
Bilbao: Ekonomiarena eta Finantzena.
Donostia: Kulturarena eta Turismoarena.
Gasteiz: Ohiko Autonomi Erkidegoaren egoitza dagoen hiria eta Esperientziaren hiriburua.
Baiona: Arrantzarena eta Europartasunarena. Euskal Herriko herriak halan erabakiz gero eta Euskal Herria Europako Batasuneko kide bihurtuz gero, hiri honetan izango dute beraien egoitza Europako Batasuna ordezkatzen duten organoek.
      3. Gernikak tratu berezia izango du euskaldun guztion eta Euskal Herri osoaren hiriburu saindu eta sakratu bezala, Errekontziliazio eta Bakearen Hiria izango da. Lau urteroko goi kargu publikoek bertan zin egingo diote haien karguari. Eusko Legebiltzar nazionalak hainbat lege garrantzitsu bertan onartuko ditu geroago horretarako prestatutako lege baten bidez.

BEDERATZIGARREN ARTIKULUA: ERLIJIOA

Erlijio batek ere ez du izango estatu-izaerarik. Botere publikoek kontuan hartuko dituzte Euskal Herriko gizartearen erlijio sinesteak, eta Eliza Katolikoarekin eta beste erlijioekin lankidetza-harremanak izango dituzte, oreka oso bat lortuz.

HAMARGARREN ARTIKULUA: HERRI ZAINTZA

      1. Orain arteko Espainiako Polizia Nazionala, Gendarmerie eta Goardia Zibila desegin egingo dira eta erakunde horietako partaideei haien jaioterrietara itzultzeko bidea erraztuko zaie,  geratuko direnei euskal herritarra izateko balditzak betetzeko eskatuz.
      2. Orain artean Euskal Herriko lurraldean jarduten duten Ertzantza eta Nafar Foruzainak erakunde bakarrean bilduko dira Eusko Jaurlaritza Nazionalaren pean.

HAMAIKAGARREN ARTIKULUA: INDAR ARMATUAK

      1. Euskal Herriaren defentsarako bolondres ordaindutakoez osatutako armada ez-iraunkor bat sortuko da. Armada honek gudu-defentsiboetan baino ez du jardungo, inolaz ez badaezpadako-guduetan.
      2. Inor ez da armak hartzera zein armada honetako partaidea izatera behartuko.
      3. Era berean indar gabe geratuko dira Euskal Herriaren lurralde osoan Espainiako zein Frantziako indar armatuak. Haien partaideek beraien herrietara bueltatzeko aukera izango dute, hemen geratuko direnei euskal herritarra izateko baldintzak betetzeko eskatuz.

HAMABIGARREN ARTIKULUA: OINARRIZKO ESKUBIDEAK

      1. Ordena politikoaren eta gizarte-bakearen oinarri dira gizabanakoaren duintasuna, hari datxezkion eskubide bortxaezinak, nortasunaren garapen askea, eta legeei eta gainerakoen eskubideei zor zaien begirunea.
      2. Euskal Herriko Konstituzioa eta gainerako legeak interpretatzerakoan, kontuan hartuko da Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala.

HAMAHIRUGARREN ARTIKULUA: PERTSONA GUZTIEN ARTEKO BERDINTASUNA

Pertsona guztiak berdinak dira legearen aurrean, ez da inor bereiziko arraza, sexua, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomi maila, jaiotza edo beste inolako gora-beheragatik.
Ez zaio begiratuko gainera, pertsona zein herrialde edo lurraldetakoa den; ezta hango politikari, legeei edo nazioarteko egoerari, nahiz eta herri hori burujabea izan, besteren zainpeko lurraldea, autonomiarik gabea edo burujabetasun mugak dituena.

HAMALAUGARREN ARTIKULUA: ALDERDI POLITIKOAK

     1. Alderdi politikoek aniztasun politikoa adierazten dute, herri-nahia eratu eta azaltzen dute, eta politikan parte hartzeko oinarrizko tresnak dira.
     2.  Haien sorrera eta jarduerak askeak dira, legeak errespetatuz.
     3. Ezingo da alderdi politikorik legez kanpo utzi, ez eta beraien parte hartzerik mugatu. Alderdiren baten legez kanporatze edo haren parte hartzea oztopatzeko ideia zabaltzea Euskal Herriko Estatua eratzen duten printzipio demokratikoen kontrako jarduera larritzat hartuko da eta horren araberako ondorioak izango ditu.

HAMABOSGARREN ARTIKULUA: ADIERAZPEN ASKATASUNA

     1. Gizabanako guztiek dute iritzi eta adierazpen askatasuna. Eskubide honek barne hartzen du bakoitzaren iritziengatik inork ez gogaitzeko eskubidea, ikerketak egitekoa eta iritziak eta informazioa mugarik gabe eta nolanahiko adierazpidez jaso eta zabaltzekoa.
     2. Komunikabideek pentsamenduak, ideiak eta iritziak, idatziz nahiz beste edozein bidetik askatasunez zabaltzeko eginkizuna beteko dute.
     3. Alderdi politikoen eraentza aplikatuz, egunkari, irrati zein beste komunikabide legez kanporatzeko edo uzteko ideia zabaltzea Euskal Herriko Estatua eratzen duten printzipio demokratikoen kontrako jarduera larritzat hartuko da eta horren araberako ondorioak izango ditu.

HAMASEIGARREN ARTIKULUA: BILERA ESKUBIDEA

 Bilera baketsu eta armarik gabekoa egiteko eskubidea aitortzen da. Eskubide horren egikaritzak ez du aurretiazko bermerik behar.

HAMAZAZPIGARREN ARTIKULUA: EZKONTZEKO ESKUBIDEA

     1. Pertsona orok du ezkontzeko eta familia osotzeko eskubidea, arraza, sexu, herritartasun edo erlijioagatiko inolako mugarik gabe.
     2. Ezkontza eskubidearen kontzeptuak bere baitan hartuko ditu emakume-emakume arteko, emakume-gizon arteko eta gizon-gizon arteko loturak eta kasu guztietan ezkontzak berezko dituen ondorio guztiak izango ditu.
     3. Ezkontideek eskubide eta betebehar berberak izango dituzte bai ezkonduta jarraituz gero eta bai ezkontza-lotura disolbatuz gero.
     4. Familia eratzeko eskubideak guraso bakarreko kasuak eta sexu bereko nahiz ezberdineko guraso biko kasuak hartzen ditu bere baitan. Horrez gain, honek edo hauek ondorengoak izan ditzake edo ditzakete bide naturalen bitartez edo adopzioaren bitartez.

HAMAZORTZIGARREN ARTIKULUA: HEZKUNTZA SISTEMA

     1. Pertsona orok du hezkuntza eskubidea. Hezkuntza dohainekoa izango da oinarrizkoaren, ertainekoaren eta goi mailakoaren kasuetarako.
     2. Hezkuntzaren helburua giza nortasuna guztiz garatzea eta Giza Eskubideen errespetua indartuz herrialde, arraza eta erlijio guztien elkar ulertzea izango da.
     3. Gaur egungo Udako Euskal Unibertsitatea, urte osorako Euskal Unibertsitate Nazionala bihurtuko da, instituzioen eta komunitate unibertsitarioaren laguntzaz bide pedagogikoak, zientifikoak eta euskaldunak erabiliz aurreko paragrafoko helburuak betez.

HEMERETZIGARREN ARTIKULUA: LANGABEEN KASUA

     1.  Langabe guztiek soldata iraunkor bat kobratuko dute lanpostu iraunkor bat aurkitu edo sortu arte.
     2. Soldata horren zenbatekoa haien ordezkariek, sindikatuek, enpresarien elkarteek eta Eusko Jaurlaritza Nazionalaren artean adostuko da. Ezingo du izan gutxieneko lanbide-artekoa azpitikoa.
     3.   Egoile langabeek ere laguntza ekonomiko zehatz batzuk jasoko dituzte haien egoeretatik ateratzen laguntzeko.

HOGEIGARREN ARTIKULUA: ZIGOR SISTEMA

     1. Zigor askatasun gabetzaileek gizartean birsartzea dute helburu. Ezin dakioke inori egite edo ez-egiteen ondorioz kondena edo zehapenik ezar, baldin eta une horretan delitu, falta edo arau-hauste administratiboak ez badira, aldi horretan indarrean dagoen legeriaren arabera.
     2. Atxilotuak hurrengo eskubideak izango ditu:
a) Lehenbailehen eta ulertzeko moduan jakinaraziko zaizkie beren eskubideak eta atxilotzeko arrazoiak.
b) Atxilotuak ezin dira behartu adierazpenak egitera.
c) Atxilotuentzat konfiantzazko abokatu-laguntza bermatuko da, polizia-eginbideetan eta eginbide judizialetan.
     3. Askatasun gabetuek hurrengo eskubideak izango dituzte:
a) Lan ordaindua izateko eskubidea.
b) Kultura lortzeko eskubidea
c) Bere nortasuna oso-osorik garatzeko eskubidea.
     4. Debekatuta dago aurreneurrizko atxiloketak burutzea. Atxilotutakoa agintaritza judizialaren esku geratuko da atxiloketa burutu eta batera.
     5. Atxilotuari ezin dakioke inoiz torturarik egin, ez eta zigor edo tratu jasanezinik eman. Jarduera hauek burutzeak zigor-erantzukizuna eragingo du.
     Atxiloketa inkomunikatua torturatzat joko da eta horren araberako ondorioak izango ditu, hori agindu duen agintariak erantzukizuna izango duelarik.
     6. Zigor askatasun gabetzaileak askatasun gabetuaren azken bizilekutik hurbilen dagoen kartzelan beteko dira.
     Askatasun gabetua bere azken lekutik urruntzea torturatzat hartuko da eta horren araberako ondorioak izango ditu, hori agindu duen agintariak erantzukizuna izango du.

HOGEITABATGARREN ARTIKULUA: EUSKO LEGEBILTZAR NAZIONALA

     1. Eusko Legebiltzar Nazionala 85 legebiltzarkidek osatzen dute.
     2. Legebiltzarkideak sufragio unibertsal, libre eta sekretu bidez hautatuko dira. Hamazortzi urtetik gorako euskal herritar guztiek dute botoa emateko zein aukeratuak izateko eskubidea.
     3. Lurralde Historiko bakoitzak legebiltzarkide kopuru bat aukeratuko du bere biztanleria zein herrialdeen arteko oreka kontutan hartuz:
Bizkaiak 30 legebiltzarkide
Gipuzkoak 19 legebiltzarkide
Nafarroak 19 legebiltzarkide
Arabak 9 legebiltzarkide
Lapurdik 6 legebiltzarkide
Zuberoak 2 legebiltzarkide
     4. Abstentzioak ere beraren ordezkariak izango ditu. Ordezkari hauen lana informatiboa, kontsulta eta proposamenak egitekoa izango da.

HOGEITABIGARREN ARTIKULUA: EUSKO JAURLARITZA NAZIONALA

     1. Eusko Jaurlaritza Nazionala osatuko dute Lehendakariak, Lehendakari Ordeak, Ministroek eta legeak ezartzen dituen beste kideek.
     2. Eusko Jaurlaritza Nazionalaren Lehendakaria Eusko Legebiltzar Nazionalak aukeratuko du. Eusko Legebiltzar Nazionalaren konfiantza jaso duen Lehendakari horrek bere jaurlaritza osatuko du.
     3. Hauek dira Eusko Jaurlaritza Nazionalaren Ministeritzak:
Industria, Ekonomia eta Finantzen Ministerioa.
Nekazaritza eta Arrantzaren Ministerioa.
Hirigintza eta Ingurugiro Ministerioa.
Osasun Ministerioa.
Emakume eta Sendi Planifikazioaren Ministerioa.
Herrizaingo Ministerioa.
Kultura eta Kirolen Ministerioa.
Hezkuntza Ministerioa.
Lan Ministerioa
Nazioarteko Harremanen Ministerioa.

HOGEITAIRUGARREN ARTIKULUA: EUSKAL HERRITARTASUNA

     1. Eusko Jaurlaritza Nazionalak kudeatuko ditu herritartasuna eskuratzeko eta galtzeko egoerak, beti ere Konstituzioak ezarritako baldintzak kontuan hartuz.
     2. Euskal herritarra da:
a) Euskalduna den pertsona, euskaraz hitz egiteko eta lan egiteko gai dena. Beraz, kanpoan bizi diren euskaldunak izan daitezke euskal herritar.
b) Euskal Herrian jaiotako herritar guztiak egun edonon bizi direlarik.
c) Azken 10 urtetan Euskal Herrian bizi direnak.
     3. Baldintza hauetatik kanpo gelditzen diren herritar guztien kasuak banan-banan eta zehatz-mehatz aztertuko dira haien arrazoi eta balizko eskubideak kontuan hartuz. Hala ere bertan bizi diren kanpotar guztiek daukate hainbat eskubide: Botoa ematekoa eta dohaineko osasun laguntza jasotzekoa.

HOGEITALAUGARREN ARTIKULUA: ENBAJADAK

Enbaxadak eramango dira Madril, Paris, Brusela, New York,… eta bertan kokatu harreman diplomatikoak eta komertzialak  handituz.

HOGEITABOSGARREN ARTIKULUA: EUSKAL EPAI BOTEREA

     1. Justizia herriari dario eta bere izenean administratzen dute Epai Boterea osatzen duten magistratu eta epaileek.
     2. Magistratu eta epaile hauek guztiz burujabeak dira Estatuaren beste botereekiko, batez ere Eusko Jaurlaritza Nazionalarekiko.
     3. Salbuespen auzitegiak debekaturik daude.
     4. Justizia dohainekoa izango da edozein kasutan.

HOGEITASEIGARREN ARTIKULUA: EUSKAL BANKU NAZIONALA

 Eusko Jaurlaritza Nazionalak Euskal Banku Nazionala eratuko du: Berezko moneta (Ipar) igorri eta herritar guztiei emango zaie partaide eta bazkide izateko aukera. Kooperatiba baten antzera Eusko Jaurlaritza Nazionalak kudeatzailearena egingo du benetako banku nazionala erraztuz.

HOGEITAZAZPIGARREN ARTIKULUA: KONSTITUZIOARI BURUZ

     1. Konstituzio honen kopia bana munduko Estatu guztietara bidaliko da, Nazio Batuen Erakundera eta munduan zeharreko euskal etxe eta zentro guztietara.
     2. Euskal Herriko familia guztiek ere ale bana jasoko dute etxean dohainik.
     3. Hemen adosten dugun Euskal Herriarentzako Konstituzio demokratiko hau hamabost urteren buruan orduko herritar guztien beharretara egokituko da beharrezko aldaketak eginez.

XEDAPEN GEHIGARRIA

 Euskal Herriko Estatura gehitu nahi duten inguruko herrialdeak gehiengoz erabaki beharko dute erreferendum baten bidez. Gehituz gero hauen egoera herrialde berezi edota autonomotzat geldituko litzateke.
 Herrialde horiek izango dira Bearn, Errioxa eta Euskal Herriko Estatuaren kanpo mugak ukitzen dituzten besteak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

 Konstituzio hau indarrean jartzen den unetik aurrera Espainiako Konstituzioak, Euskal Autonomi Erkidegoko Estatutuak, Nafarroako Foru Hobekuntzak, Frantziako Konstituzioak eta hauek garatzen dituzten beste arauek bere balioa galduko dute.

AZKEN XEDAPENA

 Konstituzio hau indarrean jarriko da Estatuko aldizkari ofizialean beronen testu ofiziala argitaratzen den egunean bertan.
Hortaz, euskal herritar guztiei, herritar nahiz agintari, agintzen diet honako Konstituzio hau bete eta betearaz dezaten


Errege Nafarren Jauregian, bi mila eta hamarreko urriaren 15ean.


Sabino Agirre eta Monzon